XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OMENALDIA

Irakurleak eskuarten duen hau ez da liburu arrunt bat, baizik eta atariko bat, hitzaurre bat, berari laguntzen dion disko konpaktu parean sartzeko. Izanez ere, liburu hau ez baita pertsona desberdinek idatzitako hitzaurre-multzo bat besterik.

Hitzaurre hauek bat datoz hiru puntutan: lehenengo, Donostiako Orfeoiak propio horretarako egindako eskaera baten ondorio dira; bigarren, berariazki liburu honetarako idatzitako originalak dira, eta hirugarren, hitzaurre hauei guztiei Donostiako Orfeoiarenganako txera eta mirespena darie.

Beren idatzizko ekarpena eskatzeko asmoarekin prestatutako pertsonen zerrenda egiteko orduan gauzak ez ziren batere errazak izan Donostiako Orfeoiarentzat eta Kutxa Fundazioarentzat. Hain zen luzea pertsona posible horien katea! Izan ere Orfeoiak gizarte-maila eta alderdi guztietan baitauzka adiskideak eta jarraitzaileak. Egia esan, azken zerrenda samintasunezko konpromiso bat izan zen, zeren eta izen baten aldeko erabakia hartzeak beste asko baztertzea esan nahi baitzuen.

Izan zen, baita, oreka-ariketa bat ere, helburu bat baino gehiago batera lortzen saiatzean; zerrenda ahalik eta gehien murrizteak, ordea, oso pertsona desberdinez osatutako taldea emango zuen, eta hori ahaztu gabe omenaldia Kutxatik eta honen Gizarte eta Kultur Fundaziotik zetorrela, bere erreferentziarik funtsezkoena Donostian eta Gipuzkoan izanez.

Liburu honetan, azken batean, Orfeoiaren eskaerari lehenengo erantzun dioten pertsonen ekarpenak jasotzen dira. Norbait liburu honen barnean edo kanpoan geratzeak, beraz, ez digu ezertxo ere adierazi behar. Gera bitez, bada, hemen jasota Donostiako Orfeoiaren eta Kutxa Fundazioaren eskerrik beroenak den-denei, hau da, liburu honetan parte hartu duten eta gustura parte hartuko zuketen hainbat eta hainbat pertsonari zuzenduta.

Liburu honi egin zaizkion ekarpenen dibertsitateak, beren egileen ikuspegi-desberdintasunak, Orfeoiarekin dituzten harreman desberdinek, beren idazkera anizkoitzek, erabiltzen dituzten hizkuntzek eta beste hainbat kontuk, kutsu berezi bat ematen diote berari. Bakoitzak, bere koordenada desberdinetatik, bere ustez esan behar duena idazten du espreski lan honetarako, honelako okasiorako garrantzizkoa iruditzen zaiona, datozen urteetan iraun behar duela irizten duena.

Eta emaitza irakurlea ere berehalaxe ohartuko den bezala Donostiako Orfeoia ezagutzeko hurbilpen-nahasketa aberats bat da. Ez da ausartegia izango esatea Orfeoiarengandik hurbilen daudenentzat, liburu honek ezagutzen ez zuten alderdiren bat, txokotxoren bat, pasadizoren bat erakutsiko diela. Hitz batean esateko, liburu txiki bat daukagula eskuartean, handia asmoetan, pertsona frankok idatzia, eta irakurle-abaniko zabal-zabal bati interesatuko zaiona.

Bere irakurketan aurrera egin ahala egiaztatu ahal izango da nola, autoreen ezaugarri eta eiteen gainetik, Orfeoiarenganako txeratasun eta mirespenezko mezu hori behin eta berriz agertzen den. Eta mezu hori hiru ardatz nagusitan bermatua dator: Donostiako Orfeoiak musika eta kanturako zaletasunarengatik erakartzen du, Donostiako Orfeoia urte askotan zeharko lan gogorraren adibide bat da, Donostiako Orfeoia gure komunitatearen adierazlerik onenetako bat da.